XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Araoz: Lope de Agirreren jaioterria.

Gipuzkoako hegoaldean dago.

Aizkorri mendiaren magalean ia.

Oñatiko auzo bat da, auzorik bitxiena beharbada.

Oñatitik abiatuta, seiren bat kilometro egin behar dira haraino.

Lehenengo, Arantzazurako bidea hartu.

Gero, jaitsi eta jaitsi egin behar da beheko zuloraino.

Zuloan Araoz dago.

Araoz nahiko famatua da bertan Lope de Agirre konkistatzailea jaio bait zen.

Lopek oñatiarra zela aitortu zuen, baina gaurregun historilari gehienek konkretuki araoztarra zela diote.

Gaurregun Araoz erdi-hilik dago.

Baserri asko hustutzen ari da.

Hango lur aldapatsuetan zaila da nekazaritza errentagarrian aritzea.

Sandaili, baseliza harrigarria.

Oñatitik goazela, auzora iritsi baino pare bat kilometro aurrerago, Sandaili izeneko baseliza dago.

Ez da erraza ikustea, hala ere.

Kobazulo baten barruan dago, eta kobazulo hori ez da kaminotik ikusten.

Hona hemen zer egin behar duzuen bisita egin nahi badiozue.

Araozko sarreran pantano bat ikusiko duzue.

Segi pixka bat aurrera eta berehala bide zabal bat ikusiko duzue, kaminotik eskuinetara gorantz.

Horixe da bidea.

Bost minutu oinez eta Sandailin izango zarete.

Kobazulo harrigarria da.

Barruan mahai zahar batzu daude oraindik.

Izan ere, duela gutxi hara batzen ziren araoztarrak San Elias egunean, bazkaltzera eta dantza egitera.

Baselizaren ondoan dagoen etxe horretan serora eta kapeilaua bizi ziren aspaldian.

Degurixa, Urbia bezain polita.

Araoz abiapuntu ederra da ibilaldi interesgarriak egiteko.

Inguruan bazter zoragarriak daude eta horietako bat, beharbada politena, Degurixa.

Urbiara jende asko joaten da urtean zehar.

Degurixa, berriz, nahiko ezezaguna da oraindik.

Baina Urbia bezain polita da, dudarik gabe.

Belargune zabal hartan artzantza indarrean dago.

Haraino joateko, Araoztik ordu t'erdi behar da, besterik ez.

Eta, gainera, ez dago aldapa biziegirik.

Degurixarako bidea nahiko erraza da.

Araozen edonork erakutsiko dizue.

Bolatokia, aldapan.

Araozen bertan ez dago aparteko gauzarik.

Aipatzekotan, elizataria eta bolatokia aipatu behar dira.

Duela gutxi berritu dute elizataria, eta gusto haundiz gainera.

Bolatokia, berriz, guztiz bitxia da.